Ekimenaren parte izan nahi?

Gartxot Ekimena Elkarteko parte izateko kanpaina bat jarri dugu abian. Horretarako fitxa txiki bat egin dugu parte hartu nahi dutenek izena emateko. Oso sinplea da betetzea, oso erraza partaide izatea: urtean 20 euroko kuota minimo bat dago. Fitxa jaisteko orrira joan nahi baduzu, egizu klik esteka honetan:

Bazkide izateko

Eta Gartxot-zalea izan daitekeen pertsona edo elkarteren bat ezagutzen baduzu, zabaldu mezua.

Biba Gartxot!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

Esker anitz eta zorionak!!!

Itzaltzun urtarrilaren 19 eta 20an ospatutako 5. Gartxot egunean bizi genuena ikaragarria izan zen, hitzekin azaltzea zaila izango litzateke. Gainera, eguraldi makurrak honaino bidaiatzera ez zuen askorik laguntzen. Aste hasierako elurteak beldurtu gintuen. Baina azkenean asteburua guztiok pentsatzen genuena baino hobeto geratu zen. Mila esker Itzaltzu, Zaraitzu osotik, Xiberüa, Hozta, Donibane Garazi, Iruñea, Baztan, Andoain, Elgoibar, Durango, Ondarru, Plentzia, Tolosa, Bartzelona, Lasarte, Lapurdi… Euskal Herri osotik 2013ko Gartxot Egunera hurbildu eta parte hartu duzuen lagun guztioi, Itzaltzuko Bardoaren kondaira lau haizetara zabaltzeko irrikitan agurtu zinetela ziur gaude.

Larunbat goizean euria barra-barra egin zuen, usoek Elkorretara hurbiltzea ezinezkoa izan zuten. Hala ere, “raketa” gainean, Gartxoten lagun talde batek eguerdi aldera kobazulora heltzea lortu zuen. Herrian geratu zirenentzako ordea, umeentzako batez ere, Iparraldeko Xaka pailasak irriak atera zizkien. Behin, Itzaltzuko plazan paratutako karpan, guztiok bilduta indarrak berreskuratzeari ekin genion. Bazkaria, jarraituta egin genuen batzarra bezain animatua izan zen. Honetan azken urte hauetan Gartxot Ekimenak parte hartu duen ekitaldien laburpen bideo hunkigarri bat ikusteko aukera izan genuen. Bildutakoei elkarte bihurtzeko prozesua azaldu zitzaigun, baita urte honetako egitasmoak ere. Presaka, Ezkarozeko Junta Etxera abiatu ginen, Orreagako 778. urteko gatazkari buruzko “La chanson de Roland” filma ikustera. Oso interesgarria suertatu zen, pelikula bera, baita Asisko Urmeneta eta Antton Kurutsarri historialariak jarraian emandako azalpenak ere. Gartxotek askotan egin zuen bezala, “Orreagatik” Itzaltzura itzuli ginen, elurrak berriro meatxatzen gintuztela. Bero-bero, estu-estu, bi postreko afaria hasi genuen: intxaur, gasna eta menbrilloz gozatu ondoren Anje Duhalderen zuzeneko abestiak dastatzeko parada izan genuen bildutako 120 lagun baino gehiagok. Eperrak!!! Ederra!!! esan nahi. Mahaiak bilduta, Gathübi taldea eta DJ Xune , elurrak kalea zuritu arte aritu ziren, karpa barruko tenperatura goreneraino igotzen zen bitartean.
Batzuentzat bukatzen zena beste batzuentzat hasi zen, eta horrela igandeko goizeko 8etan Bozateko Urkik sua piztu zuen goiz osoan zehar zikiroa egiteko, ehun pertsona bapo asetu zituena. Lehenago Porrotxek umeak aho bete hortz utzi zituen bere magia eta kontakizun barregarriekin eta Mixel Etxekoparrek ezkilak, xirula eta ttun-ttuna eraginez, bazkaltzeko prest geunden guztion arreta lortu zuen. Gero, Mixel berak eta Luxik, Gartxot eta Mikeloten arteko elkarrizketa bat antzeztuz “Gartxot, konkista aintzineko konkista” filmaren gidoira sartu gintuzten. Agurtzeko garaia heldu zen eta Amaren Alabak taldetako hiru neskaren laguntzarekin dagoeneko izorratuta zeuden ahotsak estutzen genituen bitartean, urrutiraino bidaiatu behar zutenak agurtzen hasi ginen.

“Las palomas del valle conseguían levantar vuelo, como escribió Arturo Kanpion: vuelan a dar de comer al hambriento Gartxot en Elkorreta.”

Adore on, Gartxot!!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

2013ko Gartxot Eguna prest!

Beno, azken hilabeteotan Gartxot Ekimeneko kideok lan ta lan ibili ostean, joan den larunbatean, urtarrilaren 5ean, 2013ko Gartxot Egunak behar zituen azkeneko erabakiak hartu ziren Itzaltzun egindako batzarrean. Bertan, kartela bukatu eta logistikako beste hainbat puntu itxi ziren.

Beraz, orain Gartxot Egunera etortzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, dakizuen bezala, urtarrilaren 19 eta 20an ospatuko dugu, Itzaltzun. Beraz, oraindik ez baduzue egin, markatu gorriz egutegi berrian!

Behealdean ikusiko duzue kartela, bertan bi egunetako egitaraua dago, anima zaitezte!
Bazkari zein afarietan parte hartzeko epea zabalik dago, gartxotekimena@gmail.com helbidera idaztearekin listo! Guk dena behar den bezala antolatzeko ahalik eta lasterren egitea eskatzen dizuegu.

Gainera, jakingo duzuen bezala, Gartxot Ekimena Elkarte osatzeko bidean dagoela, Egun berezi hau aprobetxatuko dugu kideak biltzen hasteko. Bertan kide egiteko aukera izango duzue, baina fitxa beteta eraman nahi izanez gero, gure helbide elektronikora idatzi eta guk bidaliko dizuegu inolako arazorik gabe.

Urtarrilaren 19 eta 20an denok Itzaltzura!

Biba Gartxot!!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

Gartxot filma irabazle Bordeleko animazio jaialdian.

Lehenik eta behin, Zorionak! Beste sari bat eskuartean!
Festival International du film d’Animation jaialdiak 22. Edizioa egin du 2012ko abenduaren 5etik 18ra. Ikusleek dute erabakitzeko aukera jaialdi honetan, eta Gartxot izan da O’Apostolo (Galizia), Arrugas (Galizia), Le voyage de M. Crulic (Polonia-Errumania) eta Jean de la lune (Frantzia-Irlanda-Alemania) filmen artetik hautatutakoa.

Biba Gartxot !!!
Biba Xune !!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

Abenduaren 8an Gartxot Ekimenak lanean jarraitu zuen…

Pasa den asteko larunbatean, 2013ko Gartxot Eguna prestatzeko bigarren bilera gauzatu zen Itzaltzuko Sartze Etxeko “txokoan”. Bertan 15 lagun bildu ginen, bai Itzaltzuarrak eta bai Otsagabiarrak ere.
Lehenengo puntua Gartxot Ekimena Elkarte bilakatzeko prozesuaren egoeraren azalpena izan zen. Dagoeneko, beharrezkoak ziren paper guztiak Nafar Gobernuko erregistroan sartu zirela azaldu zuen kide batek eta zuen berri onetarako… 2 hilabetetan erantzungo digute, beraz, dena ondo ateraz gero, URTARRILAREN 19rako, Gartxot Egunerako, Elkartea legeztatua egonen da! Beraz, baduzue beste arrazoi bat urtarrileko hirugarren asteburuan Itzaltzura hurbiltzeko!
Ondoren, 2013.urteko Gartxot Eguneko egitaraua osatzen jarraitu genuen. Momentuz ez dizuegu ezer esango… baina aurtengo Gartxot Eguna sorpresaz beteta egonen da… badakizue orduan… Urtarrilaren 19 eta 20an DENOK ITZALTZURA!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

2013ko GARTXOT EGUNAREN LEHENENGO PAUSOAK…

Azaroaren 2an 20 bat lagun bildu ginen Itzaltzuar batek eskainitako “txoko” batean hurrengo urteko Gartxot Eguneko lehenengo puntuak definitzen hasteko.
Lehenengo puntu gisa Itzaltzun ospatzen den egun berezi honen data zehaztu genuen! Baduzue egutegian markatzeko asteburua, urtarrilaren 19 eta 20an DENOK ITZALTZURA!!!
Han izan gienen parte hartzaileen artean ideiak jaso genituen, baina gartxotekimena@gmail.com –en zuen ekarpenak, ideiak, proposamenak, laguntzak… jasotzeko prest gaude!
ANIMA ZAITEZTE PARTE HARTZERA!!!

BIBA GARTXOT!!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

BAIONAKO GARTXOT EGUNA

Pasa den urriaren 26an Baionan, Gartxot Eguna ospatu zen. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, 50 pertsona inguru bildu ginen egunean zehar antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko ilusioarekin.
Egitarauan agertzen zen moduan eguna Baionako Mediatekan Asiskoren hitzaldiarekin hasi zen arratsaldeko 18.30etan.
Honen ondoren, Amaren Alabak-en musikaz gozatzeko aukera izan genuen. Haiek, betiko moduan beren ahotsekin harritu gintuzten, baina Gartxot Ekimenetik opari bat genuen haientzat. Taldeko kide bakoitzari aetza bat, Aezkoan su ondoan egoteko antzinean erabiltzen ziren egurrezko aulkitxoak, oparitu genien. “Itzaltzun beti izanen duzie lekua su altzinean”, da, zaraitzueraz, aetzek osatzen duten esaldia .
Ekitaldi honen ondoren, kalera irten ginen. Gatubik alaitutako kalejirarekin zinemaraino heldu eta Gartxot filmaren aurkezpena egin zuten egileek. Haien harrerarekin filma ikusteko prest geunden eta inoiz baino gehiago gozatu genuen.
Eguna primeran amaitzeko Gatubiren eskutik dantzaldia izan genuen, non batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago iritsi ginen etxera.

Baionako Gartxot Eguna

Posted in Uncategorized | Leave a comment

GARTXOT EGUNA BAIONAN

Epa, epa lagunok!!

Ongi dakigu hotza eta euria sartzen doazela Euskal Herrian. Euriari oraingoz ezin diogu ezer egin baina hotza gorputzetik kentzeko plan batekin gatoz: Gartxot Eguna Baionan!! urriaren 26an, ostiralarekin ospatuko da. Dantza, musika, kanta, hitzaldiak eta filmaren proiekzioa izanen da hurbiltzen zareten guztiontzat.

Euskal kultur erakundearen, Euskararen erakunde publikoaren eta departamenduko liburutegiaren partaidetzarekin, Baionako Mediatekak antolatzen duen Irakur! zikloaren harira dator egun hontan burutuko diren aktibitate guztiak.

Ondoren Gartxot Egunari dagokion ordutegia uzten dizuegu, urriaren 26rako:

  • 18:00etan : Asisko Urmenetarekin topaketa, Gartxot komikiaren autorea eta filmaren egilea. Arturo Campionen narrazioan oinarritua eta Benito Lertxundik sortu musikarekin, Gartxot, XII. mendean Itzalzuko herrian bizi zen gizon baten istorioa kontatzen du.
  • 18:45etan : Kontzertua Amaren Alabak taldearekin (Filmaren musika zati batzu kantatu dituzte).
  • 19:45etan : Mediatekatik Atalantera ibilaldi bat Gatubi eta Zaraitzuko musikariekin.
  • 21:00etan : Filmaren proiekzioa Atalante zineman (85′) eta topaketa Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta, filmaren egileekin.

Bertak ikusiko dugu elkar Gartxot Ekimena elkarteko kideok!!
Animatu zaitezte!!!

BIBA MIKELOT!!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

GARTXOT AUSTRALIAN GARAILE !

Kaixo guztioi berriz ere!

Berri honek saria darama! Gartxot filmak Australiako “Auburn International Film Festival for Children and Young Adults“-en parte hartu zuen eta hara ezustekoa: Saritua izan zen! Egileak beti saiatu dira filma helduentzat dela azpimarratzen baina hara gazteek eman zuten saria: Audience Choice Award. Zinemaldi horretan saritu duten film luze bakarra izan zen, besteak film laburrak ziren. Gartxot Ekimenetik harro sentitzen gara Filmean egindako lan guztiaz eta hortaz, ZORIONAK eman nahi dizkiegu egileei. Ondoren Australiako festibalaren webgunearen link-a uzten dizuegu, eta Juanjo eta Asiskok jaso zuten sariaren titulua! Zorionak berriz ere!!!

AIFF 2012 : http://cinewest.org/welcome/?p=5305

 

BIBA ZUEK!!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment

GARTXOT FILMAREN DVD-a SALGAI !!!

Aupa Gartxot kideok!!

Gaurkoan berri oso zoriontsu batekin gatoz, azkenik eta espero genuen moduan… Gartxot-en DVDa eskuragai dugu hainbat salmenta puntuetan!! Orain gure filme euskaldunaz etxean goza dezakegu eta lagunen artean Gartxot-en mezua zabaldu. Gainera DVDaren azpitituluak 18 hizkuntzetan egongo dira, horietako gehienak hizkuntz gutxituak izanik. Kaxaren barnean leku bat ere izan dugu Gartxot Ekimenaren Elkartearen berri emateko. Bertan nola kontaktuan jarri eta parte hartzeko informazioa aurkituko duzue. Besterik gabe, segi filmeaz gozatzen !!

BIBA GARTXOT!!
BIBA MIKELOT!!
BIBA XUNE!!

Posted in Uncategorized | Leave a comment