Esker anitz eta zorionak!!!

Itzaltzun urtarrilaren 19 eta 20an ospatutako 5. Gartxot egunean bizi genuena ikaragarria izan zen, hitzekin azaltzea zaila izango litzateke. Gainera, eguraldi makurrak honaino bidaiatzera ez zuen askorik laguntzen. Aste hasierako elurteak beldurtu gintuen. Baina azkenean asteburua guztiok pentsatzen genuena baino hobeto geratu zen. Mila esker Itzaltzu, Zaraitzu osotik, Xiberüa, Hozta, Donibane Garazi, Iruñea, Baztan, Andoain, Elgoibar, Durango, Ondarru, Plentzia, Tolosa, Bartzelona, Lasarte, Lapurdi… Euskal Herri osotik 2013ko Gartxot Egunera hurbildu eta parte hartu duzuen lagun guztioi, Itzaltzuko Bardoaren kondaira lau haizetara zabaltzeko irrikitan agurtu zinetela ziur gaude.

Larunbat goizean euria barra-barra egin zuen, usoek Elkorretara hurbiltzea ezinezkoa izan zuten. Hala ere, “raketa” gainean, Gartxoten lagun talde batek eguerdi aldera kobazulora heltzea lortu zuen. Herrian geratu zirenentzako ordea, umeentzako batez ere, Iparraldeko Xaka pailasak irriak atera zizkien. Behin, Itzaltzuko plazan paratutako karpan, guztiok bilduta indarrak berreskuratzeari ekin genion. Bazkaria, jarraituta egin genuen batzarra bezain animatua izan zen. Honetan azken urte hauetan Gartxot Ekimenak parte hartu duen ekitaldien laburpen bideo hunkigarri bat ikusteko aukera izan genuen. Bildutakoei elkarte bihurtzeko prozesua azaldu zitzaigun, baita urte honetako egitasmoak ere. Presaka, Ezkarozeko Junta Etxera abiatu ginen, Orreagako 778. urteko gatazkari buruzko “La chanson de Roland” filma ikustera. Oso interesgarria suertatu zen, pelikula bera, baita Asisko Urmeneta eta Antton Kurutsarri historialariak jarraian emandako azalpenak ere. Gartxotek askotan egin zuen bezala, “Orreagatik” Itzaltzura itzuli ginen, elurrak berriro meatxatzen gintuztela. Bero-bero, estu-estu, bi postreko afaria hasi genuen: intxaur, gasna eta menbrilloz gozatu ondoren Anje Duhalderen zuzeneko abestiak dastatzeko parada izan genuen bildutako 120 lagun baino gehiagok. Eperrak!!! Ederra!!! esan nahi. Mahaiak bilduta, Gathübi taldea eta DJ Xune , elurrak kalea zuritu arte aritu ziren, karpa barruko tenperatura goreneraino igotzen zen bitartean.
Batzuentzat bukatzen zena beste batzuentzat hasi zen, eta horrela igandeko goizeko 8etan Bozateko Urkik sua piztu zuen goiz osoan zehar zikiroa egiteko, ehun pertsona bapo asetu zituena. Lehenago Porrotxek umeak aho bete hortz utzi zituen bere magia eta kontakizun barregarriekin eta Mixel Etxekoparrek ezkilak, xirula eta ttun-ttuna eraginez, bazkaltzeko prest geunden guztion arreta lortu zuen. Gero, Mixel berak eta Luxik, Gartxot eta Mikeloten arteko elkarrizketa bat antzeztuz “Gartxot, konkista aintzineko konkista” filmaren gidoira sartu gintuzten. Agurtzeko garaia heldu zen eta Amaren Alabak taldetako hiru neskaren laguntzarekin dagoeneko izorratuta zeuden ahotsak estutzen genituen bitartean, urrutiraino bidaiatu behar zutenak agurtzen hasi ginen.

“Las palomas del valle conseguían levantar vuelo, como escribió Arturo Kanpion: vuelan a dar de comer al hambriento Gartxot en Elkorreta.”

Adore on, Gartxot!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude