Biba zuek!!!

Neguko Euskal Festak izaten ahal zirela zion norbaitek,guretzat festak baino gehiago da Gartxot eguna. Urtarrilean, herrialde guztietako jendeak bat egiten dugu Itzaltzun, eta hamar aldiz biderkatzen da bertako biztanleria asteburu batez. Jaia egiteko eta Gartxot gogoratzeko.

Jaia: Gathübikoek lehen konpasak jotzen hastearekin, afaltiar gehienak dantzan ginen karpapean. Hala segitu zuten batzuk gaupasa beroan, hiru bonbilen argipean, eta iraun zutenek DJ Xuneren erritmoekin amaitu zuten festa. Ezkarozen Otxandategi bizkaitar kanta eta dantzak entzun eta ikusi ahal izan genituen, bai eta zuberotar eta erromani aireak ere, Amaren Alaben ahotik. Afari arrakastatsuaren ondotik hasi zen jaia. Argitu gabe joan zirenak joaldunek iratzarri zituzten eta Berangoko ekipoak prestaturiko indabak jan ondotik, Pettik zerratu zigun igandeko programa.

Gartxot gogoan: Bere oroimenak bultzatuta larunbat goizean 70enbat lagun Elkorretara abiatu ginen herriko plazatik. Bardoa preso ezarri zuten harpearen inguruan izan zen xirula eta kantu. Gutxi inporta digu alegia edo egia den, baina, Gartxot bibatu eta, beherako bidea hartu genuen urtero legez.

Arratsaldeko batzarre irekian urteko martxa aztertu da bai eta balizko sari ematearen ideiaren inguruan eztabaidatu ere. Egindako lanari baino egingo duen lana saritzeari garrantzia emanaz. 2014an euskaraz kantatzea deliberatu duen taldeari datorren urteko plaza eskainiz. Normala den bezala denboraz larri eta sareko foro batean izango du segida juntak.
Gauean Azpeititik iritsitako bertso batek eman digu pista:

Zaraitzuko txoko hotza
Itzaltzu izanagatik
Bardoaren oroimenez
berotzen da aspalditik
Kondaira edo egia
galdetzen dute kanpotik
Euskara galarazi zen
ta badakigu zergatik
gartxot zen bezain gogorrak
gara nafarrak, badakit
su berria pizteko gai
Koba humel hotz hartatik
Etorkizuna eraikiz
Duintasunez, lanetik
laino guztien azpitik
sasi guztien gainetik.

                                                                             -Leire Ostolaza-

Eta biharamunean Xamarren solasak, galdera eta ze pentsarako huneak ere eskeini zizkigun.
Anekdotarako, aurten txapak jarri genituen salgai, prezio sinbolikoan, komiki/filmeko 4 pertsonairekin: Gartxot süjet epikoa, Mikelot semea, Oxanda aitzinaroko ohituren jakile, eta Xune kreazioaren eta segidaren haragiztatze. Igande arratserako Xune eta Mikelot agorturik zeuden.
Eta (az)alegia – (h)egia eztabaida faltsua ukatuz, barne muinetik jarraituko dugu lanean Gartxot Ekimeneko lagunak.

Aitzina beti!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude