Urtarrilak 15, osteguna, goizeko 10ak, Gartxot Ekimenak luzatutako deialdiari hainbat lagunek erantzun diote: karpa muntatu behar da, iazkoa baino handiagoa. Eguzkia ikusiko dugula ematen du, hala ere, astebururako iragarpenak txarrak dira. Eguerdirako Maitek prestatutako garbantzuei esker arratsalde erdirako karpa paratuta dago, asteburuan zehar hainbeste biba, irribarre, agur, muxu, kanta, dantza, malko … babestuko dituen gotorlekua eraikita dago. Biba garbantzuak!!!
Urtarrilak 16, ostirala, gaueko 10ak, egun osoan lan egin eta gero azpiegitura prest dago baina iragarritako mehatxua heldu zaigu: elurra, beti elurra!!! Eta berarekin urduritasunaaaaaaa. Orain arte aurreikusita ez zegoen txanda antolatzera behartuta gaude: gauean karpako teilatutik elurra kentzeko txanda. Eta gotorlekuak babestuta pasa du gaua.
Urtarrilak 17, larunbata, goizeko 9 t´erdiak, bazterrak elurtuta, zeruan elurrik ez, Elkorretako ibilaldi ederraz lagun askok gozatu dute eta Itzaltzura ailegatu berriak diren zenbaitekin, bazkaltzera elkartzen direnean, alaitasunak izotza urtzen hasten du. Lehenago txikienek erantzukizuna hartu dute: Dantzak ikasi behar. Batzarrean berri on bat izan dugu: Martika euskarara ongi etorria izan da!!! Bitartean Ezkarozen Gartxot-zale “famatuenak” lanean daude “kontrobertsia marraztuta” saioa prestatzen.
Junta Etxeko gela beteta dago, Unai, Daniren laguntzarekin, Jesus da, Uxue, Asiskorenarekin, Mahoma. Bertso tartean, Ixiar haserre dago, Aitor, aldiz, irribarretsu. Txalo zaparrada handia eta gero bestak Itzaltzun jarraitzen du.
Une historikoa heldu da, Itzaltzun inoiz ez dira hainbeste lagun bildu elkarrekin afaltzeko. Furunda akordeoiarekin jo eta ke ibili ondoren, dantzariek hartu dute lekuko eta Gathübiren kantak izerdiz busti dituzte gotorlekutik kanpo 7 gradu zero azpitik daudelarik. Itzaltzun gertatutakoa Itzaltzun geratzen da.
Urtarrilak 18, igandea, goizeko 11k, izotza ez da epeldu, eguzkia ahul dago, baina Berangoko joareak bero daude, joaldun ausartak abiatu dira herriko kaleetatik mezua zabaltzen: bestak jarraitzen du!!!Popi, Pipo eta Zarratrakok gotorlekua alaitu digute eta denbora eskasarekin Xiberutarrek Ligeitx Koblakaria aurkeztu digute, baita mezu bat helarazi ere: lehen bezala zubiak eraiki ditzagun Zaraitzu eta Xiberutarren artean.
Bazkaria giro onean joan zaigu baina nekea nabaria da eta agurrak laister agertu dira. Batzuk abiatzen direnean elurra itzuli da, gotorlekua berriro arriskuan ote?
Urtarrilak 19, astelehena, goizeko 8 t´erdiak, elurte txikia izan da eta Gartxot Ekimenak luzatutako deialdiari hainbat lagunek erantzun diote gaur ere: karpa desmuntatu behar da. Eguerdirako dena bilduta dago, amaitu da AUZOLANA. Gaur garbantzurik ez, ez ditugu behar, Gartxot Egunek utzitako sentipenen indarra nahikoa da etorkizuneko erronkak aurrera eramateko.
Euskal Herriko txoko guztietatik etorrita Itzaltzun bertan parte hartu duzuenei, Itzaltzutik kanpo bizi duzuenei, bidean geratu zaretenei: ESKERRIK ANITZ GUZTIOI!!!
Sorkuntza libertateari, libertatea sorkuntzari!!!
BIBA GARTXOT!!!