Biba zuek!!!

Neguko Euskal Festak izaten ahal zirela zion norbaitek,guretzat festak baino gehiago da Gartxot eguna. Urtarrilean, herrialde guztietako jendeak bat egiten dugu Itzaltzun, eta hamar aldiz biderkatzen da bertako biztanleria asteburu batez. Jaia egiteko eta Gartxot gogoratzeko.

Jaia: Gathübikoek lehen konpasak jotzen hastearekin, afaltiar gehienak dantzan ginen karpapean. Hala segitu zuten batzuk gaupasa beroan, hiru bonbilen argipean, eta iraun zutenek DJ Xuneren erritmoekin amaitu zuten festa. Ezkarozen Otxandategi bizkaitar kanta eta dantzak entzun eta ikusi ahal izan genituen, bai eta zuberotar eta erromani aireak ere, Amaren Alaben ahotik. Afari arrakastatsuaren ondotik hasi zen jaia. Argitu gabe joan zirenak joaldunek iratzarri zituzten eta Berangoko ekipoak prestaturiko indabak jan ondotik, Pettik zerratu zigun igandeko programa.

Gartxot gogoan: Bere oroimenak bultzatuta larunbat goizean 70enbat lagun Elkorretara abiatu ginen herriko plazatik. Bardoa preso ezarri zuten harpearen inguruan izan zen xirula eta kantu. Gutxi inporta digu alegia edo egia den, baina, Gartxot bibatu eta, beherako bidea hartu genuen urtero legez.

Arratsaldeko batzarre irekian urteko martxa aztertu da bai eta balizko sari ematearen ideiaren inguruan eztabaidatu ere. Egindako lanari baino egingo duen lana saritzeari garrantzia emanaz. 2014an euskaraz kantatzea deliberatu duen taldeari datorren urteko plaza eskainiz. Normala den bezala denboraz larri eta sareko foro batean izango du segida juntak.
Gauean Azpeititik iritsitako bertso batek eman digu pista:

Zaraitzuko txoko hotza
Itzaltzu izanagatik
Bardoaren oroimenez
berotzen da aspalditik
Kondaira edo egia
galdetzen dute kanpotik
Euskara galarazi zen
ta badakigu zergatik
gartxot zen bezain gogorrak
gara nafarrak, badakit
su berria pizteko gai
Koba humel hotz hartatik
Etorkizuna eraikiz
Duintasunez, lanetik
laino guztien azpitik
sasi guztien gainetik.

                                                                             -Leire Ostolaza-

Eta biharamunean Xamarren solasak, galdera eta ze pentsarako huneak ere eskeini zizkigun.
Anekdotarako, aurten txapak jarri genituen salgai, prezio sinbolikoan, komiki/filmeko 4 pertsonairekin: Gartxot süjet epikoa, Mikelot semea, Oxanda aitzinaroko ohituren jakile, eta Xune kreazioaren eta segidaren haragiztatze. Igande arratserako Xune eta Mikelot agorturik zeuden.
Eta (az)alegia – (h)egia eztabaida faltsua ukatuz, barne muinetik jarraituko dugu lanean Gartxot Ekimeneko lagunak.

Aitzina beti!

OOOOHÜÜLGÜÜÜÜÜÜ!!!

Azkenik iritsi da! Hementxe daukagu 2014.urteko Gartxot Egunaren kartela. Bertan asteburu osoan zehar Itzaltzun eta inguruetan burutuko diren ekitaldi eta ekintza desberdinak agertzen dira.
Espero dugu, zuen gustukoa izatea eta aurreko urteetan bezala guztietan parte hartzea.
Hementxe eskegita utziko dugu kartela, aukera izanda inprimatzea eta zuen herrietan ikusgai paratzen baduzue eskertuko genizueke.

ADI! Aurten, afarietan parte hartzeko urtarrilaren 15a baino lehen gartxotekimena@gmail.com emailera mezu batean zure izena eta abizena bidali behar duzue lekuak mugatuak izango direlako.

Gainera, iaz aparkaleku faltan izan genituen arazoak saihesteko martxan jarriko dugu larunbat arratsaldetik igande goizera arte “Xin Xoan” zerbitzua Otsagabiko aparkalekutik. Giro onaren mesederako erabil dezagun!!!

EGUN ONAK PASA, URTE BERRI ON!!!

BIBA GARTXOT!!!
BIBA MIKELOT!!!

Unai Iturriaga BTN-an Gartxoten kamixeta jantzita ikusi genuen

BIBA ZU!!!!!

Igandean BEC-en bertso zaparrada hastera zihoala, hurrunetik nabaritu zen Gartxot Itzaltzukoaren presentzia Durangoko bardoari esker.
Zihur, zuzen, gozo….ikusi zen oholtza gainean; orain txapelketa nagusiari agur esango dio ,hala ere plazak betetzen jarraituko duelakoan gaude.

KURAI ON UNAI!!!!

Ondoren uzten dizuegu partehartzaileen agurren bideoa Bertso Txapelketa Nagusian. 13.minuto eta 15.segundoan Unai Iturriagarena zehazki.

Heldu da elurra Itzaltzura…

Joan den larunbatean, hilaren 23an, Itzaltzun, arratsaldeko 17etan 2014ko Gartxot Egunaren prestaketari ekin genion. Batzar irekian, buru belarri aritu ginen heldu zitzaizkigun proposamenei buruz eztabaidatzen. Nahiz eta askorik ezin aurreratu, baditugu ekimen batzuk ziurtatua.

Urtero bezala Elkorretako ibilbidea eginen dugu larunbat goizean, eguzki, euri edota elurraz lagunduta. Alternatibak izanen ditugu haurrentzat, plazan egonen den karpan. Ibilbidea egin eta bazkaldu ondoren, urtero lez, batzar irekia ospatuko dugu, urte osoan zehar egindako ekimenak errepasatuko ditugu eta 2014rako programazioa denon artean burutzeko aukera izanen dugu. Larunbat arratsalde eta gauerako hainbat ekimen zintzilik daude, baita igande goizerako ere. Bazkalosterako badugu zeozer finkatua: Petti abeslari Beratarren emanaldia.

Bestalde, jarrita dugu beste hitzordu bat, abenduaren 15ean, 16.00etan Sartze etxeko taberna zaharrean. Bertan, idei berriak emateko aukera egonen da eta orain arte dauzkagunak finkatuko ditugu egitaraua ixteko.

Beraz, animatu zaitezte!!! Bertan itxarongo zaituztegu!

Biba Gartxot!!!
Biba Mikelot !!!


Negua iristear dago…

Agur Gartxotzaleok!!!

Suaren inguruan Udamugako Festa ospatu genuen Itzaltzun, haurrak Elkorretatik gora eta behera Mikelot Eguna, elurra somatu daiteke jada eta orain kurruek berria ekarri digute:
NEGUA GAINEAN DAUKAGUUUUUUUUU!!!
eta neguarekin batera……. 2014ko Gartxot Eguna!!!

Egutegian markatutako egun berezi horretan bizi izandako giro izugarria lortzeko asmoz eta auzolanari jarraipena emanez zuen parte-hartzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Horregatik, programazioa borobiltzeko, ekarpenak egitera animatzen zaitugu, has zaitezke!!!

Ildo beretik, Itzaltzuko Sartze etxeko taberna zaharrean, azaroaren 23an, arratsaldeko 17:00etan ospatuko dugun batzar irekian parte hartzeko deia helarazten dizugu.

Dagoeneko hainbat ekarpen ditugu eta beste hainbeste guztion artean aztertzeko eta egitarauan ongi kokatzeko.

Animo neska-mutilak, gizon-emakume,… zure ideien zain gaude.

BIBA GARTXOT!!!
BIBA ZUEK!!!

Udamugako sua, ekainaren 23an

Aurten ere, udari ongi etorria emateko Itzaltzutik Betzulara joanen gara, bertan su inguruan kantzatzen eta dantzatzen ospatuko dugu urteko gaurik motzena.

19etan Itzaltzuko plazan elkartuko gara eta handik guztiak elkarrekin Betzularuntz abiatuko gara.
Jai autogestionatua izanen da, beraz bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu.

Hementxe eskegitzen dizuegu aurtengo deialdiko kartela, kanta eta audioa. Animatu zaitezte ejjerra izango baita!

Biba Gartxot !!!
Biba Xune!!!

Kanta: Jondane Johane

JONDANE JOHANEko DANTZA 

Urteak jin eta bihikatzen bata bestea(re)n ordari

Ihautez piztürik sü berria eki begia beilari

Esker negüa esküin argia

Jauzi aitzina dantzari

Doblez ützüli esküak ützi

Pikaz üngüra süari

Izarren hautsa zü Amalürra gaudenen bizi emaile

Argizagia eta ekia zure bi haurren sortzale

Esker negüa esküin argia…

 Goren gorenik gure izarra xuri gorri argizale

Ekia gaü egünen egile zü denboraren jakile

 Esker negüa esküin argia…

 Beherapenaren aldia da gora dagon güziari

Üngürü üngürü urtaroak egünak zor dü gaüari

 Esker negüa…

Mixel Etxekopar

 

Bidea mantentzeko auzolana

Aupa Gartxotzaleok!!!

Ekainaren 8an Elkorretako ibilbidearen garbitze auzolana burutuko dugu, bertara guztiak gonbidatuta zaudete. Guztiok egutegia nahiko beteta daukagunez, eguzkitan zein euripean egingo dugula pentsatu dugu. Bildutako lagunen arabera goiz edo egun osoko auzolana izanen da, neguak utzitako kalteak nabariak dira eta. Edozein moduan bazkaria guk prestatuko dugu.

Hitzordua: goizeko 8etan Itzaltzuko plazan.

Aseguruak egiteko izen-abizenak eta NANaren zenbakia beharko ditugu, beraz parte hartuko duzula erabakitzean bidali mezu bat ondoko korreora: gartxotekimena@gmail.com. Beti ere ekainaren 7an baino lehen.

BIBA GARTXOT !!!

Ekimenaren parte izan nahi?

Gartxot Ekimena Elkarteko parte izateko kanpaina bat jarri dugu abian. Horretarako fitxa txiki bat egin dugu parte hartu nahi dutenek izena emateko. Oso sinplea da betetzea, oso erraza partaide izatea: urtean 20 euroko kuota minimo bat dago. Fitxa jaisteko orrira joan nahi baduzu, egizu klik esteka honetan:

Bazkide izateko

Eta Gartxot-zalea izan daitekeen pertsona edo elkarteren bat ezagutzen baduzu, zabaldu mezua.

Biba Gartxot!

Esker anitz eta zorionak!!!

Itzaltzun urtarrilaren 19 eta 20an ospatutako 5. Gartxot egunean bizi genuena ikaragarria izan zen, hitzekin azaltzea zaila izango litzateke. Gainera, eguraldi makurrak honaino bidaiatzera ez zuen askorik laguntzen. Aste hasierako elurteak beldurtu gintuen. Baina azkenean asteburua guztiok pentsatzen genuena baino hobeto geratu zen. Mila esker Itzaltzu, Zaraitzu osotik, Xiberüa, Hozta, Donibane Garazi, Iruñea, Baztan, Andoain, Elgoibar, Durango, Ondarru, Plentzia, Tolosa, Bartzelona, Lasarte, Lapurdi… Euskal Herri osotik 2013ko Gartxot Egunera hurbildu eta parte hartu duzuen lagun guztioi, Itzaltzuko Bardoaren kondaira lau haizetara zabaltzeko irrikitan agurtu zinetela ziur gaude.

Larunbat goizean euria barra-barra egin zuen, usoek Elkorretara hurbiltzea ezinezkoa izan zuten. Hala ere, “raketa” gainean, Gartxoten lagun talde batek eguerdi aldera kobazulora heltzea lortu zuen. Herrian geratu zirenentzako ordea, umeentzako batez ere, Iparraldeko Xaka pailasak irriak atera zizkien. Behin, Itzaltzuko plazan paratutako karpan, guztiok bilduta indarrak berreskuratzeari ekin genion. Bazkaria, jarraituta egin genuen batzarra bezain animatua izan zen. Honetan azken urte hauetan Gartxot Ekimenak parte hartu duen ekitaldien laburpen bideo hunkigarri bat ikusteko aukera izan genuen. Bildutakoei elkarte bihurtzeko prozesua azaldu zitzaigun, baita urte honetako egitasmoak ere. Presaka, Ezkarozeko Junta Etxera abiatu ginen, Orreagako 778. urteko gatazkari buruzko “La chanson de Roland” filma ikustera. Oso interesgarria suertatu zen, pelikula bera, baita Asisko Urmeneta eta Antton Kurutsarri historialariak jarraian emandako azalpenak ere. Gartxotek askotan egin zuen bezala, “Orreagatik” Itzaltzura itzuli ginen, elurrak berriro meatxatzen gintuztela. Bero-bero, estu-estu, bi postreko afaria hasi genuen: intxaur, gasna eta menbrilloz gozatu ondoren Anje Duhalderen zuzeneko abestiak dastatzeko parada izan genuen bildutako 120 lagun baino gehiagok. Eperrak!!! Ederra!!! esan nahi. Mahaiak bilduta, Gathübi taldea eta DJ Xune , elurrak kalea zuritu arte aritu ziren, karpa barruko tenperatura goreneraino igotzen zen bitartean.
Batzuentzat bukatzen zena beste batzuentzat hasi zen, eta horrela igandeko goizeko 8etan Bozateko Urkik sua piztu zuen goiz osoan zehar zikiroa egiteko, ehun pertsona bapo asetu zituena. Lehenago Porrotxek umeak aho bete hortz utzi zituen bere magia eta kontakizun barregarriekin eta Mixel Etxekoparrek ezkilak, xirula eta ttun-ttuna eraginez, bazkaltzeko prest geunden guztion arreta lortu zuen. Gero, Mixel berak eta Luxik, Gartxot eta Mikeloten arteko elkarrizketa bat antzeztuz “Gartxot, konkista aintzineko konkista” filmaren gidoira sartu gintuzten. Agurtzeko garaia heldu zen eta Amaren Alabak taldetako hiru neskaren laguntzarekin dagoeneko izorratuta zeuden ahotsak estutzen genituen bitartean, urrutiraino bidaiatu behar zutenak agurtzen hasi ginen.

“Las palomas del valle conseguían levantar vuelo, como escribió Arturo Kanpion: vuelan a dar de comer al hambriento Gartxot en Elkorreta.”

Adore on, Gartxot!!!

2013ko Gartxot Eguna prest!

Beno, azken hilabeteotan Gartxot Ekimeneko kideok lan ta lan ibili ostean, joan den larunbatean, urtarrilaren 5ean, 2013ko Gartxot Egunak behar zituen azkeneko erabakiak hartu ziren Itzaltzun egindako batzarrean. Bertan, kartela bukatu eta logistikako beste hainbat puntu itxi ziren.

Beraz, orain Gartxot Egunera etortzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, dakizuen bezala, urtarrilaren 19 eta 20an ospatuko dugu, Itzaltzun. Beraz, oraindik ez baduzue egin, markatu gorriz egutegi berrian!

Behealdean ikusiko duzue kartela, bertan bi egunetako egitaraua dago, anima zaitezte!
Bazkari zein afarietan parte hartzeko epea zabalik dago, gartxotekimena@gmail.com helbidera idaztearekin listo! Guk dena behar den bezala antolatzeko ahalik eta lasterren egitea eskatzen dizuegu.

Gainera, jakingo duzuen bezala, Gartxot Ekimena Elkarte osatzeko bidean dagoela, Egun berezi hau aprobetxatuko dugu kideak biltzen hasteko. Bertan kide egiteko aukera izango duzue, baina fitxa beteta eraman nahi izanez gero, gure helbide elektronikora idatzi eta guk bidaliko dizuegu inolako arazorik gabe.

Urtarrilaren 19 eta 20an denok Itzaltzura!

Biba Gartxot!!!