Lehenik eta behin, Zorionak! Beste sari bat eskuartean!
Festival International du film d’Animation jaialdiak 22. Edizioa egin du 2012ko abenduaren 5etik 18ra. Ikusleek dute erabakitzeko aukera jaialdi honetan, eta Gartxot izan da O’Apostolo (Galizia), Arrugas (Galizia), Le voyage de M. Crulic (Polonia-Errumania) eta Jean de la lune (Frantzia-Irlanda-Alemania) filmen artetik hautatutakoa.
Kategoria: Kategoriarik gabe
Abenduaren 8an Gartxot Ekimenak lanean jarraitu zuen…
Pasa den asteko larunbatean, 2013ko Gartxot Eguna prestatzeko bigarren bilera gauzatu zen Itzaltzuko Sartze Etxeko “txokoan”. Bertan 15 lagun bildu ginen, bai Itzaltzuarrak eta bai Otsagabiarrak ere.
Lehenengo puntua Gartxot Ekimena Elkarte bilakatzeko prozesuaren egoeraren azalpena izan zen. Dagoeneko, beharrezkoak ziren paper guztiak Nafar Gobernuko erregistroan sartu zirela azaldu zuen kide batek eta zuen berri onetarako… 2 hilabetetan erantzungo digute, beraz, dena ondo ateraz gero, URTARRILAREN 19rako, Gartxot Egunerako, Elkartea legeztatua egonen da! Beraz, baduzue beste arrazoi bat urtarrileko hirugarren asteburuan Itzaltzura hurbiltzeko!
Ondoren, 2013.urteko Gartxot Eguneko egitaraua osatzen jarraitu genuen. Momentuz ez dizuegu ezer esango… baina aurtengo Gartxot Eguna sorpresaz beteta egonen da… badakizue orduan… Urtarrilaren 19 eta 20an DENOK ITZALTZURA!
2013ko GARTXOT EGUNAREN LEHENENGO PAUSOAK…
Azaroaren 2an 20 bat lagun bildu ginen Itzaltzuar batek eskainitako “txoko” batean hurrengo urteko Gartxot Eguneko lehenengo puntuak definitzen hasteko.
Lehenengo puntu gisa Itzaltzun ospatzen den egun berezi honen data zehaztu genuen! Baduzue egutegian markatzeko asteburua, urtarrilaren 19 eta 20an DENOK ITZALTZURA!!!
Han izan gienen parte hartzaileen artean ideiak jaso genituen, baina gartxotekimena@gmail.com –en zuen ekarpenak, ideiak, proposamenak, laguntzak… jasotzeko prest gaude!
ANIMA ZAITEZTE PARTE HARTZERA!!!
BIBA GARTXOT!!!
BAIONAKO GARTXOT EGUNA
Pasa den urriaren 26an Baionan, Gartxot Eguna ospatu zen. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, 50 pertsona inguru bildu ginen egunean zehar antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko ilusioarekin.
Egitarauan agertzen zen moduan eguna Baionako Mediatekan Asiskoren hitzaldiarekin hasi zen arratsaldeko 18.30etan.
Honen ondoren, Amaren Alabak-en musikaz gozatzeko aukera izan genuen. Haiek, betiko moduan beren ahotsekin harritu gintuzten, baina Gartxot Ekimenetik opari bat genuen haientzat. Taldeko kide bakoitzari aetza bat, Aezkoan su ondoan egoteko antzinean erabiltzen ziren egurrezko aulkitxoak, oparitu genien. “Itzaltzun beti izanen duzie lekua su altzinean”, da, zaraitzueraz, aetzek osatzen duten esaldia .
Ekitaldi honen ondoren, kalera irten ginen. Gatubik alaitutako kalejirarekin zinemaraino heldu eta Gartxot filmaren aurkezpena egin zuten egileek. Haien harrerarekin filma ikusteko prest geunden eta inoiz baino gehiago gozatu genuen.
Eguna primeran amaitzeko Gatubiren eskutik dantzaldia izan genuen, non batzuk lehenago eta beste batzuk beranduago iritsi ginen etxera.
GARTXOT EGUNA BAIONAN
Epa, epa lagunok!!
Ongi dakigu hotza eta euria sartzen doazela Euskal Herrian. Euriari oraingoz ezin diogu ezer egin baina hotza gorputzetik kentzeko plan batekin gatoz: Gartxot Eguna Baionan!! urriaren 26an, ostiralarekin ospatuko da. Dantza, musika, kanta, hitzaldiak eta filmaren proiekzioa izanen da hurbiltzen zareten guztiontzat.
Euskal kultur erakundearen, Euskararen erakunde publikoaren eta departamenduko liburutegiaren partaidetzarekin, Baionako Mediatekak antolatzen duen Irakur! zikloaren harira dator egun hontan burutuko diren aktibitate guztiak.
Ondoren Gartxot Egunari dagokion ordutegia uzten dizuegu, urriaren 26rako:
- 18:00etan : Asisko Urmenetarekin topaketa, Gartxot komikiaren autorea eta filmaren egilea. Arturo Campionen narrazioan oinarritua eta Benito Lertxundik sortu musikarekin, Gartxot, XII. mendean Itzalzuko herrian bizi zen gizon baten istorioa kontatzen du.
- 18:45etan : Kontzertua Amaren Alabak taldearekin (Filmaren musika zati batzu kantatu dituzte).
- 19:45etan : Mediatekatik Atalantera ibilaldi bat Gatubi eta Zaraitzuko musikariekin.
- 21:00etan : Filmaren proiekzioa Atalante zineman (85′) eta topaketa Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta, filmaren egileekin.
Bertak ikusiko dugu elkar Gartxot Ekimena elkarteko kideok!!
Animatu zaitezte!!!
BIBA MIKELOT!!!
GARTXOT AUSTRALIAN GARAILE !
Kaixo guztioi berriz ere!
Berri honek saria darama! Gartxot filmak Australiako “Auburn International Film Festival for Children and Young Adults“-en parte hartu zuen eta hara ezustekoa: Saritua izan zen! Egileak beti saiatu dira filma helduentzat dela azpimarratzen baina hara gazteek eman zuten saria: Audience Choice Award. Zinemaldi horretan saritu duten film luze bakarra izan zen, besteak film laburrak ziren. Gartxot Ekimenetik harro sentitzen gara Filmean egindako lan guztiaz eta hortaz, ZORIONAK eman nahi dizkiegu egileei. Ondoren Australiako festibalaren webgunearen link-a uzten dizuegu, eta Juanjo eta Asiskok jaso zuten sariaren titulua! Zorionak berriz ere!!!
AIFF 2012 : http://cinewest.org/welcome/?p=5305
BIBA ZUEK!!!
GARTXOT FILMAREN DVD-a SALGAI !!!
Aupa Gartxot kideok!!
Gaurkoan berri oso zoriontsu batekin gatoz, azkenik eta espero genuen moduan… Gartxot-en DVDa eskuragai dugu hainbat salmenta puntuetan!! Orain gure filme euskaldunaz etxean goza dezakegu eta lagunen artean Gartxot-en mezua zabaldu. Gainera DVDaren azpitituluak 18 hizkuntzetan egongo dira, horietako gehienak hizkuntz gutxituak izanik. Kaxaren barnean leku bat ere izan dugu Gartxot Ekimenaren Elkartearen berri emateko. Bertan nola kontaktuan jarri eta parte hartzeko informazioa aurkituko duzue. Besterik gabe, segi filmeaz gozatzen !!
BIBA GARTXOT!!
BIBA MIKELOT!!
BIBA XUNE!!
Gartxot Ekimena Elkarte izatera bidean
Gartxot Ekimenak orain arte auzolana eta autogestioaz baliatu izan den arren, faktore ekonomikoak beti baldintzatu gaitu. Arazo honi konponbidea emateko, hilabete batzuk luzatu den hausnarketa egin eta gero, elkarte ofizial bat eratzeko aukera mahaigaineratu zen Itzaltzun uztailaren 28an egindako asanbladan. Bertan bildutako gehienak Itzaltzuarrak izan ginen, Markinako beste kide batekin batera, 15 lagun bat inguru.
Gartxot Ekimenak amaiera ez izateko elkarte ofiziala eratzea ezinbestekoa iruditu zitzaigun eta horretan burubelarri hasi ginen.
Elkarte bat eratzeko beharrezkoak diren karguak bertan geundenen artean erabaki genituen. Kargu hauek paper opizaletan agertzen diren arren, gure lan egiteko ildoa orain arte eramandako berbera izango da, batzar irekiak finkatzen duena, alegia.
Gainera, bazkideek ere elkarte honen egitura osatuko dute, eta honengatik, aurrerago jakinaraziko dizuegu nola izan zaitezketen proiektu honen partehartzaile.
Beraz, Gartxot Ekimenetik batzarretan edota auzolanetan parte hartzera animatzen zaituztegu.
Biba Gartxot !!!
Biba Xune !!!
GARTXOTEN BIDEA BETI PREST
Bideak behar dituen mantentze lanak burutzeko aurreko Uztailaren 14ean beste auzolan bat burutu genuen Gartxot Ekimenak deitua. Beti bezala Itzaltzuko plazan bildu ginen laguntza emateko prest. 16 lagun izan ginen guztira, gehienak Itzaltzu eta Otsagabiakoak eta baita Astigarragako kide bat ere. Garbiketa lanak eta bidearen markatzea izan ziren oinarrizko lanak. Primerako lan giroa egon zen eta egin beharrekoak amaitu ondoren Itzaltzuko elkartean bazkaria burutu genuen langile guztien artean. Eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu auzolanean laguntzen ibili zineten guztioi. Beti bezala, parte hartzeko gonbitea egiten dizuegu Gartxot Ekimenetik eta berri gehiago jasoko dituzue aurrerago.
BIBA GARTXOT!
ETA BIBA ZUEK!!