Eñaut Larralde kantaria, euskaltzale maitagarria eta Bortuaren bi aldeetako harremanen bultzatzaile handia hil da. Eñautek jarri zion Gartxot filmean ahotsa Begon abadeari. Eskerrik asko zure irriagatik, zure kantuengatik eta bihotzagatik.
Gartxot Eguna 2012
Urtero bezala, Gartxot Eguna ospatu dugu urtarrilean. Beti izaten da egun polita. Herri ekimenerako eguna. Baina aurtengoa ederra izan da, eta ejjerra eta politte. Mila esker itzaltzuar guztioi. Esker anitz xiberotarrei. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi: kantuan, kalakan, dantzan, erokerietan, lanean eta garbiketan aritu zareten guztioi.
BIBA XUNE!!
BIBA GARTXOT!
Ibilbideko azken lanak
Urte berrirako Gartxoten ibilbidea prest izan nahi dugunez, azken auzolana egin dugu abenduan. Ez ditugu ehundaka pertsona espero baina Gartxot Egunerako dena prest izatea nahi dugu. Hona hemen azken mailukadak.
Eguberri on!
Gartxot filmaren estreinaldia!
Iritsi da egun handia. Itzaltzuko bardoak film luze bat dauka eta azaroaren 18tik aurrera zinemetan izango dugu. Azkar ibili euskarazko filmeak ez baitira luzaroan egoten aretoetan.
Eskerrik asko fotograma erosiz filmaren finantziazioan eta motibazioan lagundu duzuen guztioi. Hemen duzue trailerra eta gehiago jakin nahi duenak www.gartxotfilma.com webgunean aurki dezake. Biba Gartxot!
Gartxoten Bidea prestatzen
Aste Santu honetan Gartxot Ekimenak egindako gonbiteari jarraiki, lagun talde polit bat batu da Gartxot Bidea garbitzeko. Itzaltzutik Kobara doan bideko sasi eta adarrak garbitu dituzte bidea izango denaren lehen zantzuak bistaratzeko. Oraindik lan asko gelditzen da: bidea ibiltarientzat egokitzea, ibilbide osoari kutsu bat ematea, itxuraren gainean pentsatzea… emango dizuegu hurrengo pausuen berri. Eta parte hartzeko gogoa baduzu, itzaltzuarrek harrera abegikorra egingo dizute…
Gartxot Eguna 2011
Urtero bezala, Gartxot eguna ospatu da Itzaltzun. Urtarrilaren 15ean hainbat gartxotzale elkartu zen kondaira gogoratu eta 2011ko ekitaldiei sustengua emateko.
- Goizeko hamaiketan batzarra izan zen iazko balantzea egin eta 2011ko
ekitaldiak zehazteko (kantaldiak, fotograma salmenta, ibilbidea zehazten joatea, eta abar). Emango dugu horien berri gertatu ahala. - Gero hitzaldi txiki bat eman zuten Asisko Urmeneta eta Dani Fano komikilariek “Okatxu” eta “Teleatoi” komikiak aurkezteko.
- Eta azkenik urteroko luntxa egin zen bertaratu zirenen artean.
Durangoko Azokan
Zaraitzuar talde bat Durangoko Azokaraino joan ginen, Bizkaiko Gartxotzaleekin batera filmeko fotogramak saltzeko. Kultura munduko hainbat lagun hurbildu zen gure txokora, batzuk Gartxot ezagutzen zutelako eta beste batzuk hura zer zen jakin nahi zutelako. Interesgarria izan zen jendearekin hitz egitea. Eta pixkanaka elur-bola handitzen ari gara, 2011ko abenduan estreinatuko den filma ezagutarazteko.

Bertso-trama
Otsagabin bada Gartxot izeneko elkarte bat eta bertan antolatu zuen Gartxot Ekimenak “Gartxot bertso-trama”.
Josu Goikoetxeak jarri zuen trama eta Igor Elortza eta Unai Iturriagak bertsoak. Kondairaren gainean kantatu zuten eta atzoko eta gaurko Frai Martinek joko handia eman zieten bertsolariei.
Jendea, gehienak gazteak, oso pozik joan zen etxera. Eta antolatzaileek bihotzez eskertu nahi dute bertsolari eta gaijartzaileen jarrera.


