Urte berrirako Gartxoten ibilbidea prest izan nahi dugunez, azken auzolana egin dugu abenduan. Ez ditugu ehundaka pertsona espero baina Gartxot Egunerako dena prest izatea nahi dugu. Hona hemen azken mailukadak.
Eguberri on!
Iritsi da egun handia. Itzaltzuko bardoak film luze bat dauka eta azaroaren 18tik aurrera zinemetan izango dugu. Azkar ibili euskarazko filmeak ez baitira luzaroan egoten aretoetan.
Eskerrik asko fotograma erosiz filmaren finantziazioan eta motibazioan lagundu duzuen guztioi. Hemen duzue trailerra eta gehiago jakin nahi duenak www.gartxotfilma.com webgunean aurki dezake. Biba Gartxot!
Aste Santu honetan Gartxot Ekimenak egindako gonbiteari jarraiki, lagun talde polit bat batu da Gartxot Bidea garbitzeko. Itzaltzutik Kobara doan bideko sasi eta adarrak garbitu dituzte bidea izango denaren lehen zantzuak bistaratzeko. Oraindik lan asko gelditzen da: bidea ibiltarientzat egokitzea, ibilbide osoari kutsu bat ematea, itxuraren gainean pentsatzea… emango dizuegu hurrengo pausuen berri. Eta parte hartzeko gogoa baduzu, itzaltzuarrek harrera abegikorra egingo dizute…
Urtero bezala, Gartxot eguna ospatu da Itzaltzun. Urtarrilaren 15ean hainbat gartxotzale elkartu zen kondaira gogoratu eta 2011ko ekitaldiei sustengua emateko.
Zaraitzuar talde bat Durangoko Azokaraino joan ginen, Bizkaiko Gartxotzaleekin batera filmeko fotogramak saltzeko. Kultura munduko hainbat lagun hurbildu zen gure txokora, batzuk Gartxot ezagutzen zutelako eta beste batzuk hura zer zen jakin nahi zutelako. Interesgarria izan zen jendearekin hitz egitea. Eta pixkanaka elur-bola handitzen ari gara, 2011ko abenduan estreinatuko den filma ezagutarazteko.
Otsagabin bada Gartxot izeneko elkarte bat eta bertan antolatu zuen Gartxot Ekimenak “Gartxot bertso-trama”.
Josu Goikoetxeak jarri zuen trama eta Igor Elortza eta Unai Iturriagak bertsoak. Kondairaren gainean kantatu zuten eta atzoko eta gaurko Frai Martinek joko handia eman zieten bertsolariei.
Jendea, gehienak gazteak, oso pozik joan zen etxera. Eta antolatzaileek bihotzez eskertu nahi dute bertsolari eta gaijartzaileen jarrera.
Gartxot Ekimenak ahozkotasunaren adar guztiak sustatu nahi ditu . Izan ere, Gartxot kantugintzaren sinboloa den arren, ahozko tradizio guztiek ematen diote arnasa euskarari. Asmo horrekin, Mateo eta Isa ipuin kontalari handien bisita izan genuen abuztuaren 12an. Handiak diogu tamainaz eta bihotzez halakoxeak direlako, baina txikien pare ibili ziren, umeen belarriak eta irudimena pizteko asmoarekin. Txikiak istorioetan murgiltzea lortu zuten eta ipuin kontalari batek lor dezakeen onena ere bai: kontalariak entzule bihurtzea eta entzuleak kontalari.
Uztailaren 23an, Bardoen bisita izan dugu bardoen herrian. Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti hurbildu dira Itzaltzura, bertakoekin afaldu eta solasaldi ireki eta aberats bat izateko.
Arratsaldez iritsi eta Kike alkatearekin eta Mauri gidariarekin Abodi eta Elkorreta inguruak ikustera igo dira. Gauean, auzolanean egindako afariaren ostean, solasaldi luze eta anitz bati ekin diote bertaratuek. Gartxoten kondaira izan da abiapuntua baina, orduak aurrera, makina bat gai jorratu dute, iritzi mosaiko ederra osatuz.
Bukatzeko, herritarrek oroigarri bat oparitu diete, zur landuan, ez Itzaltzu gogoan izateko… nahi dutenean itzultzeko gonbite gisa baino. Honatx testua:
Gu ez gra askatasunaren seme alabak, baina agian koien aitamak.
Orhitik Oriola eskerrak Benitori. Gartxotek 900 urte. Itzaltzu 2010.
Gartxoten oroimena zabaltzeko egiten diren ekimen eta ekitaldien berri jasoko duzu webgune honetan.