Durangoko Azokan

Zaraitzuar talde bat Durangoko Azokaraino joan ginen, Bizkaiko Gartxotzaleekin batera filmeko fotogramak saltzeko. Kultura munduko hainbat lagun hurbildu zen gure txokora, batzuk Gartxot ezagutzen zutelako eta beste batzuk hura zer zen jakin nahi zutelako. Interesgarria izan zen jendearekin hitz egitea. Eta pixkanaka elur-bola handitzen ari gara, 2011ko abenduan estreinatuko den filma ezagutarazteko.

Bertso-trama

Otsagabin bada Gartxot izeneko elkarte bat eta bertan antolatu zuen Gartxot Ekimenak “Gartxot bertso-trama”.

Josu Goikoetxeak jarri zuen trama eta Igor Elortza eta Unai Iturriagak bertsoak. Kondairaren gainean kantatu zuten eta atzoko eta gaurko Frai Martinek joko handia eman zieten bertsolariei.

Jendea, gehienak gazteak, oso pozik joan zen etxera. Eta antolatzaileek bihotzez eskertu nahi dute bertsolari eta gaijartzaileen jarrera.

Mendebaldeko ipuin kontalariak

Gartxot Ekimenak ahozkotasunaren adar guztiak sustatu nahi ditu . Izan ere, Gartxot kantugintzaren sinboloa den arren, ahozko tradizio guztiek ematen diote arnasa euskarari. Asmo horrekin, Mateo eta Isa ipuin kontalari handien bisita izan genuen abuztuaren 12an. Handiak diogu tamainaz eta bihotzez halakoxeak direlako, baina txikien pare ibili ziren, umeen belarriak eta irudimena pizteko asmoarekin. Txikiak istorioetan murgiltzea lortu zuten eta ipuin kontalari batek lor dezakeen  onena ere bai: kontalariak entzule bihurtzea eta entzuleak kontalari.

Benito Lertxundi Itzaltzun

Uztailaren 23an, Bardoen bisita izan dugu bardoen herrian. Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti hurbildu dira Itzaltzura, bertakoekin afaldu eta solasaldi ireki eta aberats bat izateko.

Arratsaldez iritsi eta Kike alkatearekin eta Mauri gidariarekin Abodi eta Elkorreta inguruak ikustera igo dira. Gauean, auzolanean egindako afariaren ostean, solasaldi luze eta anitz bati ekin diote bertaratuek. Gartxoten kondaira izan da abiapuntua baina,  orduak aurrera, makina bat gai  jorratu dute, iritzi mosaiko ederra osatuz.

Bukatzeko, herritarrek oroigarri bat oparitu diete, zur landuan, ez Itzaltzu gogoan izateko… nahi dutenean itzultzeko gonbite gisa baino. Honatx testua:

Gu ez gra askatasunaren seme alabak, baina agian koien aitamak.

Orhitik Oriola eskerrak Benitori. Gartxotek 900 urte. Itzaltzu 2010.

Kike Pascual, alkatea eta Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti Abodi inguruan